XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Martxel izeneko sermoilaria Garizumako misinoak ematera etorri zen Uberara eta auzo guztia dardaraz jarri zuen bere hitzaldi trumoitsuekin.

Luziferren atzaparretan infernuko sutan kiskali behar genuen denok ez baginen pekatutik urruntzen.

Eta gure mutilak fraile joan behar zuela eta fraile joan behar zuela.

Izan ere, nola ez zen joango ba, Afrikan hainbeste txino bazegoen bataiatu gabe.

Nola utziko zuen milioika anima betiko infernura joaten ur puxkat eta latinezko hitz batzuk botako zienik ez zutelako.

Misiolari egingo zen.

Ez apaiz edo fraile, gona beltz haiek ez baitzituen oso begiko.

Baina misiolari bai.

Amak ez zion aurrerapiderik eman, aita atsekabearekin ez zen egunetan bere onera etorri eta auzoko apaiza bokazio berri hura bere bidera eramaten ahalegindu zen fraileak alde egin zuenean.

Bere urtetako lanaz ez zen aprobetxatuko fraile berbalapiko hura.

Eta fraile ezean apaiz egitea erabaki zuen, apaizak ere misiolari izan omen zitezkeen eta.

Gure aita-zanak ere apaizaren arrazoiketa antzekoa zerabilen nonbait, Saturraranera semea entregatzera lehenengoz joan zenean.

Hauxe dok txitak hazten jardun, mirua etorri eta begi aurretik eruatia, zioen negar malko batekin mutikoaren seminarioko ohe gainean eserita.

Amak badaki bizikletarendako halako itsumen bat duela txikitatik.

Behin baino gehiagotan, behiak zaintzailerik gabe utzi eta zelaitik etxera etorri ohi zen Touraren martxa entzutera.

Igartzera, hobeto esanda, irrati zaharraren burrundara artean, askotan, Anquetil... Bahamontes... pinchazo... Tourmalet... eta halako hitz solte batzuk besterik ez baitziren ulertzen.